Espainiako Auzitegi Nazionalaren Penal Aretoko Hirugarren Atalak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Pagoa Zulueta gazte leioaztarrari. Atzo kaleratutako epaian, bera, Ana Itxaso Guemes, Anuntzi Alonso eta Anitz Eskisabeli ETAri laguntza eman izana leporatzen diete Alfonso Guevarak eta beste magistratuek. Testuan, ETAren informazio eta erreklutatze azpiegiturarentzat "belarriak eta ahoa" bihurtu izana egokitzen diete lauei. Zehazki, sei urte jarri dizkiete bakoitzari gutunak eman edo hainbat gai garraiatu dituztelakoan. Bertsio ofizialaren arabera, laurak erreklutatu zituzten Ibon Fernandez de Iradi "Susper"-ek eta Iñaki Bilbaok. Zuluetaren kasuan, beti epaileek diotenez, leioaztarrak uko egin zion ETAn sartzeari baina Bilbaok bidalitako "Hator ETAra" idatzita omen zuen mezuari erantzunez, hainbat tresna garraiatzea onartu ei zuen. Auto beraren bidez, Ixone Fernandez Bustilllo, Arkaitz Ormaetxe, Alaitz Artetxe, Asier Burgaleta, Angel Alkalde eta Mikeldi Diez aske utzi dituzte. Era berean, Eneko Perez eta Koldo Rosadoren aurkako karguak fiskalak berak kendu zituen pasa den
urtarrilean egindako epaiketan. Orduan, 7 urte t'erdiko zigorra eskatu zuen Zuluetarentzat. Guztira,
14 lagun atxilotu zituzten 2005eko otsailaren 9an, "badaezpadako" sarekadan. Argazkian, hasieratik Zuluetaren auzokideek operazioa muntaia bat dela salatu dute.