Barrakak Ereaga hondartzan egongo dira uztailaren 24tik abuztuaren 3ra arte eta 17 atrakzio izango dira, iaz bezala (tartean, autotxokeak, matxinsaltoa, bikingoen ontzia eta scalextric-txikia, baita tiro egiteko etxolak, txiki-park eta txurro dendak ere). Hara jaisteko igogailua gaueko 12ak arte zabalik egongo da.
Txosnei dagokienez, Algortako metro geltoki ondoko parkingean herri lanak egiten ari diren arren, bertan mantendu nahi ditu Udalak. Bizkerre futbol taldeak Tangora plazan jarri ohi duen alkoholik gabeko txosna, ordea, Telletxe plazara mugitzeko asmoa dute tokiko arduradunek. Tangora etxean ere obrak egiten dabiltza. Bitartean, Portu Zaharrekoak lautadan jarriko dira, itsasoari begira; baita Jenaratxu inguruan ipini ohi duten jai batzordeko txosna ere. Azkenik, Itzubaltzetan, haurrentzako jolasak Areetako Xake plazara eramango dira eta, kasu batzuetan, Artatza parkera; Txabarri-Zuazo parkearen ere herri lanak daudelako.
Ordutegiak iaz bezala mantendu nahi ditu Udalak. Musika zuzenean dagoenean (berbenak...) 01:30ean eten egin beharko da (02:30ean hurrengoa jai eguna bada). Txosnek musika kendu behar izango dute 03:30ean (04:30ean hurrengoa jai eguna bada); eta ordu bete beranduago itxi, 04:30ean (05:30ean hurrengoa jai eguna bada).
Arriskuen murrizketa
Gizarte Zerbitzuek eta Gazteria Sailak, iaz bezala, Getxoko jai handietan alkoholaren eta beste droga mota batzuk hartzeari lotuta ager daitezkeen arriskuak murrizteko ekimena jarriko dute martxan. Horrela, karpa bat jarriko dute alkoholemia-kontrol boluntarioak egiteko eta karpa-furgoneta bat (testing programa) ere, informazioa emateko eta drogak aztertzeko zerbitzuekin, kalteak eta arriskuak jaitik bertatik lan egin ahal izateko. Euskara eta Gazteria arloetako zinegotzi Koldo Iturbek aurreratu duenez, ekimen honen helburua da “nagusien artean alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzea eta, adin gutxikoei dagokionez, ez hartzeko mezua helaraztea eta txosnei eta tabernei gogoratzea ezin dietela adin gutxikoei alkoholdun edariak eman, ezta horiek beraiek saltzen baimentzen ere”.
Alkoholemia kontrola uztailaren 25ean jarriko da, Paella egunean, abuztuaren 7an Romoko jaietan eta abuztuaren 14ean Portu Zaharrean. Kontrolen ordutegia honako hau izango da gauerditik goizaldeko hiruetara, Paella egunean izan ezik: egun horretan 17:00etatik 20:00ak arte izango da. Testingari dagokionez, hautatutako datak, lekuak eta ordutegiak honako hauek izango dira: San Nazio jaietan, abuztuaren 1ean; Itzubaltzetan, abuztuaren 7an; eta Portu Zaharrean, abuztuaren 14an. Kasu guztietan ordutegia 00:00etatik 03:00etara izango dira.