Koldo Iturbe Kultur zinegotziak joan den urrian aurreratu zuen
Getxoko Udalak
Espainiako Egileen Elkarte Nagusiari (SGAE) ordainduko ziola, horrela Bizkaiko Lurralde Auzitegiak plazaratutako epaia betez. Gauzak horrela, maiatzaren 12an onartu zuen tokiko erakundeak SGAEri 44.000 bat euro ematea, 1997 eta 2005 urte artean herriko jaietan ospatutako dantzaldietako egile eskubideak ez ordaintzeagatik. Hala ere, Iturbek berriro aipatu zuen orduan Getxoko Udala ez dela herriko jaiak antolatzen duena, auzoetako jai batzordeak direlako horren ardura dutenak, "eta horrexegatik azken hauei dagokie SGAEri ordaintzea”. Kultur zinegotziaren arabera, "aurten bertan, diru-laguntza deialdian ezarritako baldintzetan jai batzordeei eskatuko zitzaien egileen elkarteari eurek ordaintzea". Esan eta egin. Joan den ostiralean egindako prentsaurrekoan aurreratu zuenez, subentzioaren bigarren zatian diru kopuru hori atxikituko zaie SGAEri ordaintzen ez dioten jai batzordeei. Argazkian, Koldo Iturbe Kultura zinegotzia.