Ertzaintzak 25 urteko gazte berangoztar bat atxilotu du gaur goizean, alkoholaren eraginpean autoz lau lagun harrapatu, beste automobil bat jo eta ihesi egin duelakoan.
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, gertaera gaur goizeko 6:30ak aldera jazo da. Ordu horretan, Seat Leon modeloko auto batek lau pertsona harrapatu ditu Berangoko Sabino Arana kalean. Horren ostean, beste auto batekin talka egin du eta hortik ihesi atera da. Kaltetutako oinezkoetariko hiru, bi mutil eta neska bat, Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dituzte. Ertzaintzaren arabera, biktimek ez dute zauri larririk. Harrapaketa izan eta ordu erdira, Ertzaintzak inplikatutako autoa topatu ei du Berangon bertan, jabearen garajean. Handik gutxira, jabea atxilotu dute senide baten etxean. Ustezko gidaria Neguriko ertzain-etxera eraman eta bertan alkoholemia probak egin dizkiote. Herrizaingo Sailaren arabera 0,71 eta 0,75 miligramo eman ditu, hiru aldiz legeak onartutakoa.