"Zigor hiltzaile", "Hilda zaude", "Gora Espainia terrorista" eta "Hil zaitezte" leloak espainolez pintatu eta atariko oin-zatarra eta sasi batzuk gasolinaz erre dituzte ezezagunek, gaur arratsaldean, Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserrian. Eraikin osoa egurrezkoa denez, atariari su emateak arrisku larria eragin zitekeela esan dute hurbilekoek. Mutilen amak UKBERRI.NETi adierazi dionez, 14:00ak aldera atera dira bera eta senarra kanpoan bazkaltzera, eta bi ordu beranduago, 16:00ak inguruan, hots egin diete auzokideek, etxea erasotu dutela esanez. Heldu artean, Ertzainari eman diote abisua eta baserrian bertaratu dira polizia autonomikoak eta udaltzainak. "Egin beharreko argazkiak atera dituzte, besterik ez", aipatu du amak. Izan ere, orain 8 urte inguru, Arkaitz eta Zigor atxilotu zituzten batean, negutegien oihalak apurtu zizkieten eta ordutik ez dute ikerketen berririk. Bitartean, PPk kontuak eskatu dizkio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari (El Correo Español), Zigor Goikoetxeari asteazkenean Algortan egindako harreragatik. Bere aldetik, haizeak arrotzen dabil Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa (El Correo Español), aipatu ekitaldiaren harira. Argazkian, suak utzitako arrasto batzuk eta ezezagunek Zigor Goikoetxeari egindako heriotza mehatxua. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!