Itzubaltzeta / Romoko hiru urteko haur bat hil zen atzo Leioako Ibaiondo auzoan, amaren autoan, bero kolpe baten ondorioz. Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, emakumeak "ahaztuta" utzi zuen umea kotxean, "hainbat orduz". Ertzaintzak andrea atxilotu zuen "zuhurtziagabekeriazko giza hilketa" egotzita, baina ordu gutxiren buruan aske geratu zen, karguekin. Herrizaingo Sailaren arabera, amak haurtzaindegian utzi behar zuen haurra goizean, lanera joan aurretik, baina konturatu gabe, lantokira joan zen zuzenean. Bertatik ateratzean, 14:00ak aldera, haurra autoan zegoela ohartu zen. Pultsurik ez zuela eta, larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen; anbulantzia eta Ertzaintza iristerako, ordea, hilik zegoen. Ezbeharra Leioa eta Getxo artean dagoen aparkaleku batean izan zen, 6311 errepidean. Haurrak bost ordu inguru eman zituen kotxearen barruan. Pediatrek diotenez, udan, eguzkipean eta haizebiderik gabe aparkatutako auto baten barruan, 42 graduko tenperatura har dezake ume baten gorputzak, eta 30-60 minutuan zendu daiteke. Dena den, heriotzaren zergatiak argitu bitartean, gorpua Auzitegiko Patologia Zerbitzuaren esku geratu da. Argazkia:
Arrano.