![](http://farm3.static.flickr.com/2480/3730189740_bb637f98fc_m.jpg)
Atzo arratsaldean, Azkorrin (Getxo), Arkaitz eta Zigor Goikoetxearen gurasoen baserriaren kontra egindako
erasoagatik bere "gaitzespena" adierazi du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak. Bere hitzetan, gertaera "atentatuak, sabotajeak, mehatxuak eta indarkeria justifikatzen eta babesten dutenek gaitzesten ez dituzten jazarpen kanpainak bezain gutxiesgarriak" dira. Aresek aipatu duenez, "Arkaitz Goikoetxea, duela urte bete Bilbon atxilotua, Bizkaia komandoaren buru izateagatik eta krimen beldurgarriak egiteagatik akusatua dago". Bere anaia Zigor, berriz, "Getxoko PPko zinegotziari heriotza mehatxua egiteagatik kondenatu zuten". "Edozein ikuspegi demokratiko eta etikotik bi anaien delitu-ibilbidea guztiz gutxiesgarria bada ere, bere familiaren baserriaren kontrako erasoak ez du inolako justifikaziorik, eta erasoaren egileek euskal gizartearen gaitzespena merezi dute", Herrizaingo sailburuak gaineratu duenez. Getxo Udal Gobernu Taldeak ere erasoa "gaitzetsi" du. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, "beti errefusatu izan dugu indarkeria eta mehatxuen erabilpena, edonondik datorrela eta edozeinek praktikatzen duela. Hortaz, erasoa gaitzesten dugu. Beste behin ere horrelako jokabideei amaiera emateko eskatzen du Gobernu Taldeak". Argazkian, baserri atarian egindako pintaketak.