Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik ezer baino lehen gure elkartasuna adierazi nahi diegu Zigorri, Arkaitzi, eta hauen senideei.
Zigor Goikoetxea gazteak bizi duen jazarpena eta etengabeko erasoa gogora ekarri nahi dugu. PPko zinegotzi baten salaketaren ondorioz espetxeratua izan zen Zigor, eta bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten epaitua izan ondoren. Aste honetan bermea ordainduta kalera atera da, baina ageri denez bere aurkako jazarpenak ez du etenik.
Espainiar botere mediatikoak, botere judizialak eta botere politikoak bat egin dute pertsona honen aurkako gurutzadan, eta espetxetik atera denean indar parapolizialak izan dira bortxaz bere gurasoen etxea erasotu dutenak. Espainiar faxismoaren jomuga argia da Zigor Goikoetxea eta hori erakusten du azken eraso honek ere. Euskal militante independentisten aurka guztiak balio duen egoera bat sortzen ari da, non beraien legeak horretara egokitzen dituzten, eta beharrezkoa bazaie beraien legeetatik at aritzen diren, beti ere errepresiorik basatiena erabili ahal izateko.
Hori erakusten digute azken hilabeteotan eman diren bahiketek eta bestelako jarduerek, eta hori erakusten digu Jon Anzaren desagerketak berak ere. Errepresioa eta gerra zikina muturreraino eramateko prest daudela erakusten ari dira Rubalcaba eta Zapatero. Argi dugu eraso honen atzean espainiar indar errepresiboak daudela, zehazki nork egin duen ez badakigu ere.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egiten dugu eraso honen aurka burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.