Presoen aldeko eta bestelako mezuak zituzten pankartak eta pintaketak kendu dituzte egunotan jaietan dagoen Sopelako Larrabasterra auzotik. Ezabaketak Sopelako Udalak kontratatzen duen Cespa enpresak egin ditu, beti ere Ertzaintzak eskolta emanda. Hainbat lekukok UKBERRI.NETi adierazi diotenez, asteazken goizean ertzain batzuk sartu ziren Larrabasterrako txosnagunera eta inguruak eta zabalik zeuden txosnak zelatatzen ibili ziren. Ostiral goizaldeko 00:30ak aldera, berriz, Carlos Garrido preso ohia kaleratu zeneko bi pintaketa ezabatu zituzten ondoko errepidetik. "Euskal presoak etxera" eta "Ongi etorri Carlos" zioten aipatu mezuek. Lekukoek adierazi dutenez, errepidean trafiko arina zebilen arren langileak eta ertzainak segurtasun jantzirik eta argirik gabe zeuden. Bestalde, txosnagunean bertan, ostiral goizean kendu zituzten hainbat pankarta, tartean euskal presoen, gazte mugimenduaren eta "atzoko eta gaurko gudarien" aldekoak. Era berean, "espekulazioa" erabiltzeagatik "EAJ, Eskerrik asco" ironikoki "zoriontzen" zuen pankarta ere eraman zuten Cespako langileek eta ertzainek. Argazkian, Cespa garbiketa enpresako langile bat 2008ko martxoaren 9an, Espainiako hauteskundeak bururatzen ziren egunean, boikotera deitzen duen pegatina bat kentzen Itzubaltzeta / Romon.