Aurten ere jaien eredu herrikoi, parte hartzaile, euskaldun eta parekideari eutsi dio Algortako hainbat eragile, elkarte eta norbanakok osatzen duten batzordeak. Sardina janak, euskal dantzak, bertsolariak, buruhandi eta erraldoiak, trikitia, herri kirolak eta euskal kulturaren beste hainbat adierazle, ume eta gazteentzako dozena luze bat ekitaldirekin tartekatuko dira. Bitartean, ez da kirol ekitaldirik faltako: Iñaki Deunaren 64. txirrindularitza zirkuitu profesionala / Rikardo Otxoari 9. omenaldia (uztailak 31), Eneko Caballero XI. futbito txapelketa edota Joseba Aranguren “Morotxo” ezagunak (Kantxa Kirol Moda) antolatu ohi duen herri krosa (uztailak 31). Betiko legez, saharar eta palestinar herriei adieraziko zaie elkartasuna; aurten San Inazio egunean bertan eta Bihotz Alai plazan, Telletxen izan beharrean. Su artifizialei dagokienez, hilaren 30ean eta 31n izango dira, Astondoa (Areatza, Euskal Herria) eta Parente Fireworks (Italia) piroteknia enpresen eskutik, hurrenez hurren.
Jaitsiera tradizionala
Dagoeneko bi urte dira jai batzordeak antzina egiten zen jaitsiera berreskuratu zuenetik. Lehenengoan Ereagan barrakarik ez zegoen arren, herritarrek beroki hartu zuten Basagoiti Etorbide hasiera eta hondartza arteko kalejira. Iaz are sutsuagoa izan zen algortarren erantzuna; urte luzeen ondoren, barrakak bueltan zirela pozik hartzearekin batera. Gauzak horrela, aurten ere jaitsiera tradizionalean parte hartzera deitu ditu handi zein txikiak jai batzordeak, hori bai herriko jantzia jarrita. Usadioak agintzen duen bezala San Inazio bezperan, uztailak 30, izango da hori. Turutarra, Areatxu eta Txopolis fanfarreek lagunduta, Basagoiti Etorbidea saltoka eta kantuka ibili ostean, Ereagara heltzean, sardina jana, larraindantza eta Olgetan taldearen dantzaldia izango dira. Egun horretako suzko zezena ere hareatzatik gertu izango da, Isidro Martiarena "Purru" zenaren omenez. Gero, su artifizialak ikusita, Algortako herrigunera bueltatuta jarraituko du jaiak.
Txipiroi txapelketa
Ostiralak hartuko du aurtengo San Inazio jaien egun handia. Ekitaldiz beteriko jardunaldia izango da. Hori gutxi balitz, aitite-amoma algortarrei egingo zaie gorazarre. Aurten, Zabala eskoletan izango dute, 17:30etik aurrera, luncha eta Trio Menta taldeak alaitutako dantzaldia. Biharamunean, larunbatarekin, XI. Txipiroi Txapelketaren gune nagusi bilakatuko da Bihotz Alai plaza. Horretan parte hartzeko aurretik, ostiralean, hilak 31, eman beharko da izena, 17:00etatik 19:00etara, Ajuria tabernan. Parte-hartzaile kopurua 50 taldeetara mugatu du jai batzordeak, baita horiek jasoko dituzten aulki eta mahai kopurua. 4 aulki eta mahai bakarra egongo da talde bakoitzeko.
Gauean musika nagusi
Aurtengo maketa lehiaketara aurkeztutako hamar taldeetatik Etsi Gabe suertatu zen garaile ekainaren 6an Getxoko Txorimalo gaztetxean egindako finalean. Horiek hilaren 31n joko dute Itziarren Semeak eta Piperrak taldeen aurretik, Algortako San Inazio jaietako agertoki nagusian. Bigarren, Hemen taldea suertatu zen, San Inazio bezperan Esne Beltza taldearekin jotzeko aukera eskuratuz. Lehenengo egunean, berriz, Naphalm arituko da, maketa lehiaketan hirugarren, Afonia eta Orreaga 778 taldeen aurretik. Hala ere, ezin ahaztu festetako azken eguneko ohiko hitzordua. Larunbatean, Erdizka Lauetan taldeak eskainiko du dantza gidatu saioa. Ondoren, Mikel-Hatsek girotuko du dantzaldia, koadrilen lehiaketaren sari banaketaren aurretik eta ondoren.
Tamainaz txikiagoa bada ere, Kasino plazako agertokiak ez du aurten bere xarma galduko. Uztailaren 29an, asteazkenarekin, Moby Dick bakarlariak emango du kontzertua. Ondoren, “Te quiero como Amigo” DJak jarriko du musika. Bi egun beranduago Chalwa Band reggae talde gorliztarrak alaituko du gaua.