Bestalde, Herri Babesaren aurrezaintza zerbitzu eta trafiko neurri bereziak ezarriko dira Aixerrotako Paella Lehiaketa egunean. Gauzak horrela, goizeko 8:00etatik 9.30era baimenduta egongo da kotxeak sartzea, parte hartzaileek eguna pasatzeko behar duten material guztia euren tokietara hurbil dezaten, udal iturriek zehaztu dutenez. Goizeko 9:30erako, baina, Aixerrotako landetan ezin izango da autorik geratu. Udalak zirkulazioaren noranzko bakarra ipiniko du, eta ondorioz, jai-eremura Aingeruaren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Becquer kaletik sartu beharko da. Bertatik ateratzeko, berriz, Bosgarrena, Santa Marinako Haitza eta Maidagan kaleak hartu beharko dira.
Prebentzio zerbitzuak
Bitartean, jai-eremuan zein inguruetan udaltzainak izango dira, "jaiarekin bat egingo duten milaka herritarrei edozein zalantza argitzeko", udal iturriek aipatu dutenez. Getxoko DYA elkartea arduratuko da istripuren bat duten pertsonak artatzeko, eta horretarako lehen sorospen postuaeta bi anbulantzia izango dituzte, bidegorriaren ondoan, jai-eremuko sarrera-irteeraren aurrean eta atzealdean. Edozein ezbehar jaso edo larrialdirik izanez gero honako hau da Babes Zibilaren eta Udaltzaingoaren Larrialditarako telefono zenbakia: 944 660 202.