Aurten ere Ereaga hondartzara itzuli dira barrakak. Joan den ostiralean zabaldu zituzten eta bertan egongo dira abuztuaren 2ra arte. Kultura zinegotzi Koldo Iturbek esandakoaren arabera, “barrakak jatorrizko kokalekuan berriro jartzeko Gobernu Taldeak joan den urtean hartutako erabakia oso arrakastatsua izan zen. Horrela, getxoztar askok eta ferien arduradunek azken urtetan egindako eskaerei erantzuna eman nahi izan diegu. Horretaz gain, orain urte asko, Algortako jaien jaitsiera bertan bukatzen zen eta horregatik ere gune hori berreskuratzea garrantzitsua izan da”. Atrakzioak zabalik egongo dira 17:00etatik gauerdiko 12ak arte (igandeetan eta lanegunetan) eta 17:00etatik 02:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunetako bezperatan. Iaz bezala, atrakzio berezietarako prezioa 1,80 eurokoa izango da eta besteetarako 1,50 eurokoa. Uztailaren 29an, asteazkenean, “Jendearen eguna”, txartelak euro batean salduko dira. Azoka barrutia La Ola jatetxea eta Portu Zaharreko pasealekua hasten den tartean kokatu dute, eta 20 atrakzio jarri dituzte, tartean, autotxokeak, Matxinsaltoa, bikingoen ontzia eta scalextric-txikia, baita tiro egiteko etxolak, txiki-park eta bi txurro denda ere. Argazkian, 2008tik Algortako Ereaga hondartzan jartzen dituzte berriro barrakak / ©
Getxo.net.