Zoritxarrez, Europan eta mundu zabalean hamaika herri daude Bretainia bezala kolonizaturik, munduko mapa batean euren kokapena ukatu egiten dieten herria, Euskal Herria barne. Bretainia lauzpabost departamentutan zatiturik ageri den gisa ageri da gure herria hiru administraziotan zatiturik, baina gure kasuan kolonizazio hori frantziar estatuaz gain espainiar estatuak ere gauzatuz doa. Ezin ukatu, ostera, gure hizkuntza eta kultura hangoaren aldean indartsuago sumatzen direla, baina hemen ere ez gaude txapliguak botatzeko moduan, ezen frantziar eta espainiar estatuak darabilten asimilazio prozedura basatiek euskaldunak hutsaren pare bihurtzeko helburua baitute. Egun hizkuntzak duen egoera diglosikoa ikustea besterik ez dago, gainean hizkuntza frantses eta gazteleraren harlauza indartsu eta zapaltzailea gainean dugula, eta arnasa hartzeko gero eta leku estuagoa uzten gaituztela.
Gure tankerako herriek zelan edo hala bidea zabaldu beharra dute, bide samur zein gogorretatik, eskuak loturik buruan jartzen diguten plastikozko poltsari (zenbaitzuek zentsu literalean ere egiten dute) haginka apurtu behar izanik, arnas biderik izango badugu. Eta horren truk, horra hor estatuetako prentsa zentralista zein kriolloak botatzen diguna: ETAren lagun terrorista ziztrinak garela, herri hura nazien kolaboratzailea izan zela... Azken batean, gure herriaren defentsan gabiltzanok deabruaren pertsonifikazio atzerakoi eta inposatzailea ei gara, estatu menperatzaileak zeruko aingeruen pertsonifikazio aurrerakoia eta demokrata diren neurrian.
Kolonialismoak munduan zehar hamaika aurpegi ditu, baina denak antzekoak, eta helburu argi bat dutenak: asimilazioa. Eta, zalantzarik ez, horretaz kontzientzia hartzeko bidaiatzea moduko botikarik ez dago.
Josu Gotzon Landeta