Espainiako Guardia Zibil erakunde armatuaren bi agente hil dira gaur Herrialde Katalanetan, Mallorca irlako Calvia udalerriko Palmanova herrian. Guardia Zibilak zonalde turistikoan duen "El Foc" kuarteletik gertu eztanda bat jazo da 13:50ak eta 14:00ak bitartean.
"El Mundo"-k jakinarazi duenez, oraindik ez dago argi bonba-auto bat ala auto batean jarritako bonba-lapa baten leherketa izan den. Eztanda "handia" izan dela nabarmendu dute. Nissan patrol baten barruan zeuden hildakoez gain, atentatuak hainbat zauritu eragin ditu. Hau da Guardia Zibilaren aurka 24 ordutan egiten den bigarren atentatua, bietan ETAri egiletza leporatu diotela.
Aurrekoan, Burgosen, kuartelean kalte handiak sortu arren ez zen hildakorik egon. Era berean, komunikabide espainolek lau haizetara zabaldu dutenaren arabera, gaur beteko lirateke 18 urte Ekaitz komandoak Mallorcan bi atentatu burutu zituenetik. Argazkian, Guardia Zibilak Algortan jarritako operatibo bat.