Urte askotan Bizkaiko garapenaren ardatza izan da Bilboko itsasadarra, foru iturriek aipatu dutenez. Kultur ondare bilakatuta, denboran atzera begiratzeko aukera ematen du; baita etorkizuna zein izango den igartzeko ere, gaineratu duten. Egun "hirigune handia" osatzen dute Ibaizabal errekako alde biek. Horrenbestez, urriaren 3an zein 4an, Altzagako ontziralekuan gasolinoa hartu eta, alde batera zein bestera eginez, Bilboko Arriaga antzokia eta Bizkaiko Zubia bisitatuko dituzte. Irteera orduak 10:00etan eta 12:30ean izango dira. Plaza mugatuak dira. Beraz, 944 890 140 edo 946 025 891 telefono zenbakian izena eman beharko da.
Gorlizko itsasargia
Gorlizek bere ondareari buruzko bisita gidatuak eskainiko ditu urrian dohain. Horien iraupena bi ordu eta erdikoa izango da gutxi gora behera eta zailtasuna baxua da. Bisitek, Astondoko hondartza bukaeran kokatuta dauden duela 6.000 urteko duna
petrifikatuen aurrean izango dute hasiera. Handik, Astondoko eskaileretara joango dira, Gorlizko badia defendatzeko, XVIII. mendean eraikitako Azkorriagako gotorlekura igotzeko. Gero, itsasargira arte jarraituko dute bidea eta horren inguruan dauden bunkerretara sartuko dira. Ondoren, jaisten hasiko dira foru abeletxetik igaroz, bidea hasitako puntura heldu arte. Bisita horiek, urriaren 3 eta 17an, 16:00etan izango dira; eta urriaren 24an, berriz, 11:00etan. Izena ematea Jata Ondon (946 156 612) egin behar da.
Butroeko burdinaren bidea
Abiapuntua Plentziako metroko zubi ondoan dagoen plaza izango da, plazatxoa, eta handik marea-errota zaharraren ondotik jarraituko dute ibaian gora, Gatikako Butroe auzoraino. Ibilbidean Mungiatik Plentziara burdina, egurra nahiz beste material batzuk zelan pasatu eta merkaturatzen ziren azalduko diete bisitariei. Horrenbestez, urriaren 17an zein 18an, 10:00etan izango da abiatzeko ordua. Ibilaldiaren iraupena bi urte eta erdikoa da; 7 kilometro, gutxi gora behera. Ondokoa da informazioa jaso eta erreserbak egiteko telefono zenbakia: 946 156 612.