Gaztesarea gazte komunikabide euskaldunaren aurkako sarekadan atxilotutako Iker Acero surflari ezagun algortarrari harrera beroa eskaini diote auzokideek. Gaueko 22:30ak pasatuta, Algortako, Uribe Kostako eta Bizkaiko hainbat herritako ehunaka lagunek txalo artean hartu dute Acero, Algortako Amnistia tabernara heldu denean. Surflariak senide, ume, lagun, auzokide,
Gaztesareako kide eta zaleen besarkadak eta musuak jaso ditu, une batzuetan irribarretsu eta beste batzuetan guztiz hunkituta. Herria jaietan egonda, bertso poteoarekin gurutzatu da harrera eta bertsolariek ez dute aukera galdu surflaria abesteko gaitzat hartzeko. Presoak, olatuak, sarekadak eta gazte sareak aipatuta, Iker animatzeko eta jaietan parte hartzeko gonbita luzatu diote Andoni Egañak eta ALBEko kideek. Izan ere, algortarrek edozein "guaitok" harroz jantziko lukeen osagarria eman diote aurretik: Algortako jaietako zapia. Horrekin batera lore sorta ere eman diote.
Acero fidantzapean askatu dute eta 15 egunean behin sinatzera joan beharko da, auziko bista egin arte.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.