Aurten ia 80 ekoizle batuko ditu Algortako San Lorentzo azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abu. 10a, 00:29
Urtero bezala, San Lorentzo azoka ospatuko da Algortan astelehen honetan, abuztuak 10. Feriak elkarrengandik gertu dauden hiru kokapen izango ditu: San Nikolas, Biotz Alai Abesbatza eta Getxo Antzokia plazak, hurrenez hurren. Aurtengoan, 79 ekoizle banatuko dira 100 postutan. Ohikoa denez, merkatua goizeko 10etan zabalduko da eta, gutxi gorabehera, 14:30ean itxi. Gauez, 22:00ak aldera, Algortako Biotz Alai abesbatzak jaialdia itxiko du, urtero talde honen izena duen plazan eskaini ohi duen kontzertuaren bitartez. Iaz, 19.000 lagun baino gehiago erakarri zituen San Lorentzo azokak, udal iturriek emandako datuen arabera. Argazkian, hainbat lagun barazkiak erosten iaz San Lorentzo azokan.
Goiz osoan zehar, baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal izango dituzte bisitariek, honakoak esaterako: barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatekiak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa, txakolina, landareak, urdaitegiko produktuak eta abar luze bat. Trikitilari eta dultzainero taldeak egongo dira giroa alaitzen. Horrela, bertaratzen direnek txorizoa taloarekin, sagardoa edo bestelako produktu batzuk dastatu ahal izango dituzte plaza bakoitzean egongo diren txosna banatan. San Lorentzo merkatuan, goiz erdian, ekoizle askok nahitaezko hitzordua izango dute, Idiazabal jatorrizko deitura, barazki eta landareen ohiko lehiaketen eskutik; urtez urte partaideak horietan lehiatzen baitira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun