Algortako San Lorentzo azokak aurten ere emaitza "itzela" lortu duela adierazi du Getxoko Kultur Etxeak. Horrela, eguraldia ona ez izan arren, guztira 19.000 lagun izan dira goiz osoan zehar, antolatzaileen arabera. Euskal Herri osoko 79 ekoizlek parte hartu dute azokan eta 100 postu egon dira. Eguerdian ekoizle askok espero zuten momentua heldu da, epaimahaiak barazki, landare eta gazta lehiaketen emaitzak jakinarazi baititu. Aurten, barazki lehiaketan, Urdulizko Adela Andikoetxeak lortu du lehenengo saria, Barrikako Jose Ramon Intxaurtieta eta Urdulizko Maria Angeles Andikoetxearen aurretik. Landare lehiaketari dagokionez, Urdulizko Maria Jesus Viteri izan da garaile. Barakaldoko Enedina Madariagak eta Galdameseko Isabel Loidik eskuratu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. Gazta lehiaketan, Ricardo Murias (Muskiz) atera da garaile, Jesus Aranburu Elkartearen (Idiazabal) eta Andoni Padillaren (Otxandio) aurretik. Azkenik, Juan Antonio Zabalak jaso du bertoko ekoizle onenari emandako saria. Argazkian, hainbat lagun tomateak erosten gaurko San Lorentzo azokan.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.