Goizeko 9ak aldera gazteak Algortako Portu Zaharreko zabalgunera heldu direnerako, udal langileek desmuntatuta zeukaten jada atzo arratsaldean egurrez eta lan handiz altxatutako txosna. Horretarako, udaltzain bikote bat izan dute zaindari beharginek. Ertzaintzaren pare bat furgoneta ere inguruan zebiltzan, Ereaga hondartzatik gertu, lekuko batek UKBERRI.NET agerkari digitalari adierazi dionez.
Getxoko Udalaren aginduz, langileek goizeko 8:30ean zeukaten "hitzordua" gazteen txosna botatzeko. Tokiko mandatarien aginduei kasu egin eta palankak erabiliz denbora gutxian bete dute "euren lana". Beharginek eurek baieztatu diete gero gerturatutako neska-mutilei agindua Udalarena zela; baita egurren bila Martikoenako udal biltegira joan zitezkeela adierazi ere. Imanol Landa jelkidea buru duen
Udal Gobernuak txosna jartzeko hainbat baimen ukatu ostean, muntatzea erabaki zuten gazteek eurek ere horretarako eskubidea daukatela aldarrikatzeko asmoz. Argazkian, atzo arratsaldean egurrez muntatutako txosna.
Gaztesarean gaur agertutako argazkiak ikusteko sakatu hemen.