Algortako San Inazio jaietan ere txosna kopurua mantendu egin zuen Udalak. Hala ere, zortzi baimen beharrean lau baino ez zituen eman. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon ulergaitzagoa da tokiko agintariek egindako baieztapena. Bertoko jai batzordekoarekin batera, iaz beste bost txosnek (sei guztira) bete zuten Santa Eugenia plaza. Hala ere, aurten baimenak nabarmen murriztu eta guztira hiru txosna baino ez dira egon bertan.
Getxoko Udalak plazaratutako adierazpena:
Portu Zaharreko Jaietan baimendutako txosnen inguruan sortutako egoeraren aurrean, Getxoko Udalaren gobernu taldeak zera adierazi nahi du:
1. Getxoko Udalak ez duela txosna bakar bat ere kendu, ez Portu Zaharreko jaietan, ez eta San Inazio eta Romokoetan.
2. Aldiz, Jai Batzordeekin adostutako hitzarmenaren arabera, horien eskakizunak aintzan hartuz, gobernu talde honek, 2008an jaiak hasi aurretik, zera erabaki zuen:
- Hiru auzoetako jaietan txosna bat gehiago ipintzeko baimena ematea.
- Txosnak ixteko ordutegia ordubete luzatzea.
- Jai-egitarauaren osagarri diren ekintzak Udalaren kargura antolatzea, hala nola, umeentzako jolasak, kontzertuak, Ereagako barrakak eta su artifizialak.
Jai Batzordeekin adostutako hitzarmen honek eskatzen du ere, txosnen jarduera arautzen duten dekretuetan ezarritako baldintza guzti guztiak bete behar direla, hau da, ordutegiak, zaratak, eta abar.
Dekretu hauetan jasotzen dira, halaber, aipatu baldintzak ez betetzeak ekar litezkeen ondorioak, berbarako, betetzen ez dituzten elkarteei hurrengo urtean txosna bat ustiatzeko eskubidea ukatzea.
3. Baldintza hauek berdin berdinak izan dira 2008az geroztik eta, hortaz, txosna eduki duten elkarte guztiek ezagutzen dituzte.
4. Ezagutu arren, elkarte hauetako batzuk era argian eta nabarian gainditu dituzte, batez ere, ixteko ordutegiaren inguruan jarritako mugak, eta horren ondorioz jai-eremuen inguruko auzotarren kexak etorri dira.
5.Hortaz, elkarte hauei ukatu zaie aurten txosna izateko baimena, baina, halere, emandako txosnen kopurua ez da murriztu. Portu Zaharreko jaietan 5 dira, 2007an baino bat gehiago.
Aipatu elkarteei txosna emango ez zitzaiela adierazteko jakinarazpena aurreko urteetan egindako epe berean egin da, ez beranduago. Hain zuzen, eta Portu Zaharreko jaiei dagokienez, jakinarazpena 2009ko uztailaren 21ean bidali zitzaien.
6. Gaur goizean bertan, udal beharginek jai esparruan legez kanpo jarritako txosna bat kendu dute, udal baimenik ez baitzuen eta Portu Zaharreko Jai Batzordearekin adostutako akordioa urratzen baitzuen.
7. Gobernu talde honek ahalegina egingo du aurrerantzean ere Jai Batzordeekin etengabe hitz egiteko eta akordioak lortzeko, baita alde biek adostutakoa betetzen dela egiaztatzeko, horretarako dagozkion neurriak hartuz.