Gaur zortzi, berriz, "Itsasoaren alaba" eskainiko dute: “aita hamabost urte dituzunean hiltzen badizute baduzu berarekin bizi izandako zerbait eta aurrerago ere esan dezakezu, `bizitza honelakoa izango zen berarekin´, baina nik bi urte ere ez neuzkan eta nire kasuan ez da posible… ez daukadalako minimorik…. ez daukat ezer.” Haize Goikoetxearen hitzak dira aurrekoak. Bere aita, Mikel Goikoetxea, “Txapela”, GALek hil zuen, 1984an. Hogeita bost urte beranduago, Haize haren arrastoaren bila hasten da, "Itsasoaren alaba" dokumentalean. Germantxineko kideen arabera, "lan hau, guretzako, ez da bide baten hasiera baino. Gure herria begiak eta eskuak dituzten pertsonez, borroka, dantza, irri eta negar egiten duten pertsonaz osatuta dagoela erakutsi nahi dugu. Zinea ere mailu bat izan daitekeelako. Izan behar delako". Zine-forumean Josu Martinez zuzendaria eta Txema Uriarte Gite-Ipeseko kidea izango dira.
Abuztuaren 26an, "El proceso de Burgos" izango da ikusgai egongo den filma. Bertan, 1970ean ETAko hainbat kideren aurkako epaiketaren berri eman zuen Imanol Uribe zuzendariak. 1979an ekoiztuta filmak arazo larriak izan zituen banatu eta proiektatua izateko. Halere, hainbat sari bereganatu zituen.