"Deia" Bizkaiko egunkari jeltzalearen bertsio elektronikoak eta Vasco Press albiste agentziak atzo Algortako
makina bat gaztek muntatutako egurrezko txosna Segirena zela argitaratu dute gaur. Vasco Press-ek goizeko 11:57ean idatzi eta
Deia.net-ek bost minutu beranduago zabaldutako testu beraen arabera, "Getxoko Udalak Segiren txosna bat kendu du Portu Zaharreko jaiak hasi baino lehen". Txosna "Segi gazte talde ilegalizatuarena" zela esateko, bi hedabideak txosna eraispenaz Gaztesarea gazte komunikabideak emandako albistean oinarritu ei dira, baina bertan ez dago Segiri buruzko inolako aipamenik. Era berean, txosnari buruz ematen dituzten datu bakarrak dira "Gazte txosna" idatzia zuela eta "estruktura batez eta egur batzuez" eginda zegoela. Bestalde, nahita edo nahigabeko akatsekin jarraitzeko, Algortako San Inazioetako jaietan Getxoko Udalak Segiren txosna bat jartzea debekatu zuela ziurtatu dute Vasco Press-ek eta Deia.net-ek. Baina, publikoa denez, gazte erakunde independentistak ez zuen txosnarik eskatu eta Udalak ez zuen debekatu. Izan ere hainbat gazte eta kirol elkarteri ezarri zien debekua iaz ordutegiak errespetatu ez zituztelakoan edo eskaera beranduegi aurkezteagatik. Bestalde, Herrizaingo Sailak bi hedabide horiek baino dezente zuhurrago jokatu du eta txosna "ilegalki jarrita zegoela eta baimenik ez zuela" baino ez du adierazi. Era berean, Ertzaintza txosnaren aurkako operazioan parte hartu duela eta liskarrik ez dela sortu baieztatu du Aresen Sailak.