Aurreko egunean igorritako
heriotza mehatxuaren aurrean, Sonia Polo sopeloztarra eta aurtengo Bilboko Aste Nagusiko txupinera babestu zuten atzo Imanol Garai Sopelako alkateak eta EAJko, ezker abertzaleko eta Berdeetako zinegotziek, espainolez zabaldutako manifestu baten bidez. Agirian, "preso baten senidea izate hutsagatik" Poloren izena "zikintzeari eta jazartzeari" ekin dietenei jarrera aldatzeko eskatu diete. Horrekin batera, txupinerari "gure laguntasuna erakutsi" zioten politikariek eta "sustrai sopeloztarrak dituen pertsona bat Bilboko Aste Nagusiko txupinera izateak atsegin eman eta harrotasunez betetzen gaituela" jakinarazi diote Polori. Azkenik, "Aste Nagusian beti nagusitu den parte hartze eta askatasun espirituari jarraikiz" jaietako eta erakundeetako arduradunei "liskar eta lintxamendu dinamiketan ez erortzeko" eskatu diete, horrek "elkarrizketa eta akordiorako zubiak eraikitzen" ez duelako laguntzen. Argazkian, Bilbon ere, ehunaka auzokidek eta konpartsetako kideek
Poloren alde agertu ziren, Bilboko Konpartsek deituta, Bilboko Arriaga plazako eskailerak leporaino bete zituztela. Polo guztiz hunkitu zen, aurreko urteetako txupinera eta pregolariez inguratuta.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.