Leioako preso ohia zen Mari Cruz Cadarso hilik aurkitu dute gaur bere etxean, 54 urte zituela. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez, "oraindik, autopsiaren emaitzak jakin artean ez dago esaterik nola hil den". Agurtu aurretik, senide, lagun, auzokide eta ezagunek leioaztarra ikusteko parada izango dute gaur eta bihar, bere gorpua Areetako Santa Ana auzoko tanatorioan izango baita. Gaur 22:00ak arte egongo da zabalik. Bihar, berriz, 20:00ak arte. Cadarso 1990eko azaroaren 12an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta kalte arinak eragin zituen lehergailu bat Bilbo eta Santander arteko trenbide batean jartzea leporatu zioten. 2001ean aske gelditu zen, zigorraren hiru laurdenak bete ostean. EHUko liburutegian hainbat urte eman ostean, azken urteotan Mari Cruzek Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ikasleentzako Arreta Zerbitzuan egiten zuen lan, administrari gisa. 2007an, Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonal (AZP) funtzionarioaren hauteskunde sindikaletan parte hartu zuen, LABeko zerrendan. Argazkian, Cadarso 1998ko irudi batean / Etengabe.