Pasa diren astelehen eta asteartean Algortako ia 40.000 lagun bost orduz ur barik utzi zuen saneamenduko matxuraren kudeaketa dela eta erantzukizunak eskatu dizkio Getxoko Udal Gobernuari PPk. Marisa Arrue popularren bozeramailearen ustez, tokiko gobernuaren kudeaketa "oso txarra" izan zen eta bere ustez matxura lehenago konpon zitekeen eta baita auzokideei arazoaren berri azkarrago eman ere. Hori dela eta, jelkideek algortarrak "alde batera utzi" zituztela eta "batez ere ostalariei kalte handiak eragin zizkietela" kritikatu dute PPkoek. Arrueren ustez, jarrera horren atzean Udala opor egoeran utzi izana dago. Irakurketa horretatik oso urrun, Udal Gobernuak ziurtatzen du astelehenean matxura ez zela hain handia eta asteartean goizean bertan hasi zirela ezbeharra konpontzen. Gainera, ordu gutxi batzuetan, arratsaldeko 3etatik aurrera ura apurka apurka gune ezberdinetan eman zutela diote. Argazkian, behargin bat estolderiatan lan egiten, artxiboko irudi batean.