Algortako etorbidean 1936an zabaldutako Gurugu taberna dagoeneko historia da. Pasa den ostegunean, hilak 20, Bernardino Azkorra ugazabak azken aldiz ireki zuen ostatua, betiko bezeroak txikito eta zuritoen artean agurtzearren.
"Deia" egunkariak zabaldu duenez, "filmeko gaiztoa sentitzen naiz ixteagatik" aitortzen zuen Bernarrek, bezero eta lagunek ezagutzen duten moduan. Izan ere, 48 urterekin ostalaritza utziko du Azkorrak, tabernak gero eta gutxiago ematen duelako, antzinako koadrilak gero eta zaharragoak diren bitartean. Algortako ostatu mitikoak txikiteotik kinitoetara jauzi egin eta gazte koadrilen babeslekua ere bilakatu bazen ere "guztion taberna" den Gurugu mantentzeko haina ez da izan. Horrela, tabernako hormetan zeuden lehenengo Paella Eguneko argazkiak, Getxo Rugbyren lehen jokalari taldearen erretratua, erbestean jokatu zuen Euzkadiren lehenengo selekzioaren afitxak edo Athleticarekin lotutako anekdotak, koadrila bakoitzaren gora-beherekin, Indabada mundialen osteko musika-txikiteoekin, inauteri alternatiboen ibilbideekin, edota Txorimalo gaztetxearen urteurreneko ekitaldiekin batera izango dira hainbat guaito belaunaldien memoria kolektiboan.