Ostegunean, abuztuak 27, Itsasadarraren egunean parte hartzera deitu ditu herritarrak Berbotsek. Egun osoan zehar, jolas ezberdinak izango dira itsasadarraren inguruan eta 20:00etan dantza txokoa txosnetan. Ostiralerako ere hainbat ekitaldi aukeratu ditu euskara elkarteak, San Agustin jaien egitarautik, euskaltzaleen gozamenerako. Hartara, 10:00etan La Plaza tabernan jarri dute hitzordua, beranduago udaletxeko plazan izango den bazkaria prestatzen lagundu nahi dutenentzat. Asteazkenena arte egongo da oturuntzan izena emateko aukera, La Plaza tabernan bertan, 10 euro ordainduta. Arratsaldean, 19:30ak aldera, erromeria izango da plazan, Erdizka Lauetan taldearen eskutik.
Bertsoak, ur gerra eta goitibeherak
Larunbatean, abuztuak 29, dantza txokoan aritzeko aukera egongo da txosnetan. Ordu bete beranduago, berriz, bertso saio futurista egingo dute udaletxeko (Irailaren 23a) plazan. Unai Iturriaga, Arrate Illaro, Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza igoko dira agertokira. Gauean, txosnetan, Amaiur taldeak eskainiko du dantzaldia. Azkenik, igandean, ur gerra galanta izango da kiroldegi inguruko plazan (Europa plaza), 12:00ak aldera. Arratsaldeko bostetatik aurrera, berriz, goitibehera andana jaitsiko da Ategorritik.