Aurten ere hainbat ekimen aurrera aterako ditu Erandioko Gazte Asanbladak,
Altzagako San Agustin jaietan. Jai batzorde zein koadrilei esker, hirugarren urtez jarraian, koadrilen arteko probekin jarraituko dute, "herriari bizitza emanez". Bitartean, txosna gunean, Erandioko zein kanpoko gazteak biltzeko asmoa duen taberna martxan egongo da. Egitarauari errepasoa eginez, ostegunean bertan, hirugarren gazte afaria eta DJ Bull-en emanaldia izango dira txosna gunean. Larunbatean, berriz, urteroko hitzorduari eutsiko diote neska-mutil erandioztarrek, hirugarren urtez jarraian, Gazte Eguna ospatuz. Besteak beste, gazte bazkaria egingo dute txosna gunean (bertan izango dira ekitaldiak). Oturuntzan izena emateko, Zerunait tabernara edo gazteen txosnara jo beharko dute nahi duten guztiek eta bertan 5 euro ordaindu. Argazkian, iaz metro geltoki alboan egin zuten gazte bazkaria. Aurten, ordea, Altzagako kiroldegi atzean egongo dira txosnak.