Bilboko aireportuaren (Loiu, Bizkaia) handitze proiektuaren inguruan egindako ingurumen eraginaren txostenari buruzko agiriak eskatu dizkio Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak (AENA) erakundeari
Leioako Udalak. Tokiko agintarien arabera, azpiegitura berriak sortutako zaratak udalerriko zonalde batean izango du eragina: EHUko Leioa eta Erandioko campusetik gertu dagoen Lertutxe urtegi inguruan, alegia. Halaber, Bilboko Aireportuaren Ingurumenaren Jarraipenerako Batzordean parte hartzea eskatu du Leioako Udalak. Aipatu bileretan Espainiako Ingurumen Ministerioak; AENAk; Eusko Jaurlaritzak; Bizkaiko Foru Aldundiak; Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak; Derio, Erandio, Loiu, Sondika eta Zamudioko udalek eta Lur Maitea talde ekologistak parte hartzen dute. Hala ere, Lur Maiteak dio Lezamak, Larrabetzuk eta Leioak ere aireportuaren eta hegazkinen zarata jasaten dutela. Argazkian, Lertutxe urtegiaren alboan dago Bizitzaren Basoa, zientziari euren gorputza eman ziotenen omenezko monumentua.