Berrogeita zazpi urte zituen
gaur goizaldean Asuako Befesa enpresan hil den langileak, makina batean harrapatuta geratuta. CCOO-Euskadi sindikatuaren arabera, gizonak 26 urte zeramatzan bertan lanean. Enpresa batzordeak lanuzteak eta elkarretaratze bat deitu ditu astelehenerako, 11:00etan, enpresaren aurrean, gertatutakoa salatzeko. ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute dagoeneko 40 direla jada aurten lan istripuan hildako langileak. Bere aldetik, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak bere behin-behineko txostenean nabarmendu duenez, "makina trabatuta zegoen, eta langilea konpontzen saiatu denean etorri da istripua". Hain zuzen ere, segurtasun-neurriak ez zirela "modu egokian" erabili ondorioztatu du Osalanek. Hori dela eta, ikerketa hasi du, istripua zerk eragin duen argitzeko. Bitartean, krisia eta lan istripuen artean "harreman zuzena" dagoela salatu du Unai Sordo CCOO-Euskadi sindikatuko idazkari nagusiak,
Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Bere hitzetan, "hainbat enpresek, krisi ekonomikoa dela medio, lan istripuen prebentzio planetatik dirua aurrezten dute". Argazkian, apirilaren 28an, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna zela eta, kontzentrazioa egin zuen LABek eguerdian, Algortako Ereaga hondartza alboko Tamarises eta Igeretxe hotelen artean.