Uretan jazotzen diren gertakariak bi mota nagusitan sailkatzen dira; alde batetik, itsas zabalean, kanpoko uretan, gertatzen direnak. Kasu hauetan EAEko baliabideek Itsasoko Laguntzak jarritako baliabideak laguntzeko esku-hartzen dute. Bestalde, kostaldean, hamabi milien barruan edo barneko uretan, eta ibai eta urtegietan jazotzen diren gertakariak daude; alegia, kasu gehienak. Gertakari hauetan esku-hartzeko, Eusko Jaurlaritzaren berezko baliabideak (bereziki Herrizaingo Sailarenak) edo hitzartutakoak (Gurutze Gorriarenak kasu) erabiltzen dituzte.
Euskadiko uretan aurten jazotako istripu eta erreskate kopuruaren joera aurreko urteetan izandakoaren antzekoa da, orain arte. Uztailaren 31ra arte, 161 erreskate egin dituzte; horietako gehienak (96) Bizkaiko kostaldean, beste 62 Gipuzkoako kostaldean eta gainerako hirurak Arabako urtegietan. Erreskate horiek guztiak, hiru salbu, kostaldeko edo barneko uretan egin izan dituzte.
SOS Deiakek koordinatutako baliabideak
Herrizaingo Sailak jarritako baliabideen artean honakoak daude: Ertzaintzako Itsas Unitatea, 21 metroko luzera duen "Itsas-Zain" ontzia duena, Brigada Mugikorreko Urpekarien Unitatea, bi ontzi pneumatiko eta 28 urpekari dituena, eta Helikopteroen Unitatea. Gurutze Gorria baliabideak jartzen dituen beste erakunde bat da. Itsasoko laguntzaren arloan, Gurutze Gorriak lankidetza hitzarmenak ditu bai Espainiako Gobernuarekin, bai Eusko Jaurlaritzarekin, Larrialdiei Aurregiteko (Herrizaingo Saila) eta Portu eta Itsas Gaietako (Garraio Saila) zuzendaritzen bidez.