Aste honetan 25 urteko jarduera beteko du Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak eta, hori ospatze aldera, "Euskal Musika: 25 urte" saioa izango da. Proiektu horren eskutik euskal artista eta talde ospetsuak bilduko dira. Irailaren 3tik 6ra, jaialdiak beste 11 saio hartuko ditu. Horien artean Pablo Milanesen, La Bottine Sourianteren eta Orchestre National de Barbesen kontzertuak gailendu behar dira. Lau egunez, doinu anitzez gozatu ahal izango dute musikazaleek Areetan zein Itzubaltzeta / Romon. Musika egitarauaz gain, zenbait jarduera ere egongo dira jaialdian: Bidezko Azoka, Munduko Terraza eta kale-banden desfileak, besteak beste.
Eguneko eskaintza arratsaldeko taldeen eta artisten emanaldiekin abiatuko da; saio horiek Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpan hasiko dira 19:00etan (igandean, 18:00etan). Areetako Xake plazako karpan kontzertu nagusiak izango dira 21:30etik aurrera (igandean, 20:00etan), eta horiek amaitutakoan, 23:45ak aldera, Munduko Terrazako (Santa Eugenia plaza) saioen txanda izango da. Kontzertu guztiak doakoak izango dira, Xake plazakoak izan ezik.
Kontzertu nagusiei dagokienez, jaialdia Pablo Milanes abeslariaren eskutik hasiko da, Kubako autore-abestiaren artista ospetsuenetariko bat, hain zuzen ere. Biharamunean, ostiralean, irailak 4, La Bottine Sourianteren txanda izango da. Taldea Quebeceko ondare musikala mantendu eta jarraitzeko asmoz sortu zen eta Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta Eskoziako doinuen nahasketa interpretatzen du, bere herriko zenbait eskualdetako kolore eta erritmo bereziekin kutsatuta.
Jaialdiaren hirugarren jardunaldian, Orchestre National de Barbes taldeak hartuko du lekukoa. Etnia anitzeko musikarik osatutako talde horren erritmoak Magrebeko raï musikan oinarritzen dira, eta genero oso ezberdinetako soinuak bateratzen dituzte, hala nola, chaabia, reggaea, gnaoua musika, jazza eta rocka, sonoritate propio oso originala sortu dutela Azken egunean, irailaren 6an, Getxo Folk jaialdiari amaiera bikaina emango zaio "Euskal musika: 25 urte" saioan. Proiektu horrek zenbait euskal artista eta talde bilduko ditu jaialdiari omenaldia egite aldera: Oskorri, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Gose, Maddi Oihenart eta Niko Etxart. Partaide bakoitzak bere errepertorioaren lau abesti joko ditu. Horrela, estilo oso ezberdinetako artista eta talde segida bat osatuko da, euskal musikaren aberastasunaren erakusgarri.
Jarduera osagarriak
Ohi denez, kontzertuak ez ezik, BBK Getxo Folk jaialdian jendeak Bidezko Azoka bisitatu ahal izango du. Bidezko Azoka Iparraren eta Hegoaren arteko bidezko merkataritza sustatzen duen ekimena da, zenbait gobernuz kanpoko erakunderekin batera antolatzen dena. Bestalde, hainbat herrialdetako artisautzako produktuak Munduko Merkatura itzuliko dira, Koan izeneko elkartearen lanari esker. Halaber, aurten ere beste kultura eta herrialde batzuetako gastronomia ere dastatzeko beta izango dugu Munduko Terrazan, Medicus Mudiren eskutik. Kaleko banden doinuek ez dira faltako jaialdian. Aurten Holandako, Ipar Irlandako, Italiako eta Madril-Galiziako taldeak jardungo dira Getxon. Azkenik, Getxoko Udaleko Immigrazio Zerbitzuaren eskutik Kulturen Gunea egongo da jaialdian.