KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du Getxo Arraun Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 2a, 01:25

Asteburu honetan, Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailara igotzeko kanporaketan lehiatuko da Getxo Arraun Elkartea, azken orduko estutasunak kenduta, KAE 2 ligan denboraldi bikaina egin ondoren. Bi estropada jokatuko dituzte: bata, larunbatean, 11:00etatik aurrera, Lekeition; eta bestea, igandean, 18:30etik aurrera, Portugaleten. Algortar traineruaren ondoan Trintxerpe egongo da, unerik onenean ez dagoela diruen arren; baita KAE 1 ligan azken bi postuetan bukatu dutenak: Ondarru eta Portugalete, hurrenez hurren. Datorren urtean Kantauriko Arraun Elkarteen Ligako lehenengo mailan egoteko postu baten bila borrokatuko dute laurek. Joan den asteburuan, Deustuko traineruak lortu zuen KAE 1 ligara igotzea, KAE 2 ligan txapelduna geratu ondoren. Kanporaketa estropada biak erlojupekoak izango dira, Getxo Arraun Taldeari oso ondo datorkion modalitatea. Uztailan, hiru estropada irabazi zituen eta hirurak erlojupeko eran izan ziren. Bestelako erlojupekoetan hiru onenen artean geratu da. Esaterako, joan den asteburuan, igoera fasean egotea jokoan zegoenean, bigarren postua erdietsi zuten Erandion zein Santoñan (Kantabria, Espainia) algortarrek. Azkenean bi puntu atera zizkioten talde kantabriarrari sailkapen nagusian, hirugarren postuan bukatuz. Argazkian, Getxo Arraun Elkartea / © Getxo.net.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun