Camino Al Barrio kultur elkarteak bultzatutako Candela Radio irrati bilbotarrak 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerra koordinatzeko lana egingo du. Lau egunetan zehar erreportari lana egingo dute neska-mutilek, baita karpatik ibiliko diren elkarteetako ordezkariei elkarrizketak egin ere, batez ere, Getxoko Etorkinen Plataforma osatzen duten elkartetakoei. Aldez aurretik, atzo, asteartean, eta gaur, asteazkenean, prestakuntza tailerra egin dute. Candela Radiok unitate ibiltaria izango du karpan bertan: zuzenean egindako programazioarekin eta udalerriko aniztasunaren gaineko lekukotasunak bildu eta igorriko ditu, bere zuzendari Miguel Angel Puentesek aurreratu duenez. Emanaldia arratsaldero izango da, 18:00etatik 21:00etara.
Hizkuntzei buruzko erakusketa
Euskara Udal Zerbitzuak Euskal Herrian gaur egun eta etorkinen etorreraren ondorioz hitz egiten diren hizkuntzei buruzko datuen erakusketa inauguratuko du. Azterketa Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Unesko Etxeak egin zuten 2007an. Panel batzuk ikus daitezke bertan, egindako txostenaren daturik esanguratsuenak ezagutzera emateko, eta aurrerantzean udalerriko ikastetxeetara eraman ahal izatea espero dute. Bisitatzeko ordutegia, egunero, 18:00etatik 21:00etara izango da eta, asteburuan, 12:00etatik 14:00etara.
Halaber, eta aurreko ediziotan bezala, egunero, 19:00etatik aurrera, Aisa Eskola gunean, “Euskara 20 minututan nola ikasi ahalegin horretan hil gabe” euskarazko antzerki ikasgai dibertigarria eskainiko dute, ordu erdiz. Programa horrek atzerriko pertsonei euskararen oinarrizko ezagutza batzuk eskaintzen dizkie, batez ere hizkuntzara hurbiltzeko. "Azken urteotan Getxo udalerria da EAEn pertsona gehien matrikulatuta eta ikastaro gehiago dituen udalerria, neurri handi batean, 2005etik kultura arteko karpa horretan ekimena zabaltzeko egindako lanari esker", udal iturrien hitzetan.
Kultura arteko karpa
Getxo Folk Jaialdiaren lau egunetan, etorkinak hartzeko dauden baliabideen berri emango dute kultura arteko karpan udalerrian, hau da, Elkargune programan jasotzen direnen berri emango da. Gainera, informazio panel batek Getxoko aniztasunari buruzko datuak eskainiko ditu, Immigrazioko Tokiko Behatokiak emandakoak. Egunero izango da 18:00etatik 21:00etara eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara.