Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, atzo gauean, langileak aizto batekin mehatxatu ostean, Algortako supermerkatu batean lapurtzen saiatu zelakoan. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, 22:00ak aldera jaso zuten saltokiko beharginen deia, ustezko lapurra atxikituta zeukatela esanez. Lokaleko sarreran, gizonezko bat ikusi zuten lurrean etzanda beste gizon batekin, lokaleko arduradunarekin, borrokan hurbildu ziren ertzainek. Zenbait lekuko ere bazeuden. Antza, itxiera orduan agertu zen susmagarria eta bertako arduradunak aizto batekin mehatxatu zituen. Ustezko lapurrak kutxetan bildutako dirua ostu nahi zuen, Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera. Horren aurrean, ertzainek gizona atxilotu zuten; baita kaputxa bat, eskularru batzuk eta arma zuri bat aurkitu ere. Atxilotuak hasiera batean jarrera bortitza izan zuen eta ez zuen bere identitatea eman, polizia iturrien arabera. Ertzain etxera eraman zuten eta laster epailearen esku utziko dute.