Lehenengo lapurreta iazko ekainean gertatu zen Algortako Sarrikobaso kaleko BBVAren sukurtsal batean. Lapurrak bisera bat eta aurpegian buff bat zeraman. Banku-bulegoan bat-batean sartu zen eta suzko arma batekin (pistola kromatua) langileak mehatxatu zituen. 4.000 euro harrapatu zituen eta ondoren sukurtsalaren aurrean aparkatu zuen Opel Astra batean ihes egin zuen.
Larderiaz egindako bigarren lapurreta aurtengo otsailean izan zen Caja Laboralaren Mungiako sukurtsal batean. Modu berdinean jantzita sartu zen eta ezaugarri berdintsuetako pistola batekin kanoia langileengana zuzendu zuen. Gutxi gorabehera 7.000 euro ostu zituen. Hirugarren lapurreta Algortako Amesti kalean gertatu da aurten, abuztuaren 6an, Caja Laboralaren beste sukurtsal batean. Oraingo honetan eta "modus operandi" berbera erabiliz, lapurretaren egilea sukurtsalera sartu zen. Lapurrak bezeroak eta langileak zilar-koloreko pistola batekin beldurtu zituen. Bankuko kutxa gotorrak zabaltze-atzeratu segurtasun sistema zuenez, gaizkileak txanponetan 4.000 euro ostea eragin zuen. Horietatik lau mila 10 zentimokoak ziren. Harrapatutako dirua lekuz aldatzeko langileetako bat kotxeraino diruz betetako zakuak garraiatzera derrigortu zuen.
Miaketa Larrabasterran
Atzo (osteguna) atxilotuak erabiltzen zuen trastelekua miatu zuten, Larrabasterrako Gatzarrine kalean. Polizia iturrien hitzetan, arma eta ustez egileak erabiltzen zituen jantziak aurkitu zituzten bertan: imitaziozko pistola kromatu bat, buff bat, artilezko txano bat eta bisera bat. Lapurreten lekukoek gauza horiek identifikatu zituzten. Gainera, lapurrak bere Opel Astran jartzen zituen ostutako matrikulak aurkitu zituzten. Matrikula horiek iaz Barakaldoko merkataritza-gune bateko aparkalekuan lapurtu ei zituen, lehen lapurreta gertatu zen egun berberean. Beharrezkoak diren izapideak egin eta gero atxilotua epailaren esku utzi dute gaur.