Orchestre National de Barbes 1995ean sortu zen Youcef Boukell baxu-jotzaile eta musikagilearen eskutik. Erritmoak Magrebeko rai musikan oinarritzen da, eta genero oso ezberdinetako soinuak bateratzen dituzte, hala nola, chaabia, reggaea, gnaoua musika, jazza eta rocka. Horrela, sonoritate propio oso originala sortu dute. Taldearen izena Pariseko Boulevard Barbesetik dator. Zonalde horretan, jatorri askotako pertsonak bizi dira eta hori orkestraren kideen arteko kultura aniztasunean islatzen da. Bertan elkar ezagutu zuten taldeko kideek eta taldea osatzea erabaki zuten Ipar Afrikako doinu-aberastasuna bildu ahal izateko asmotan. Taldeak jai erritmoak hartzen ditu ardatz nagusi eta, tradizioa oinarri hartuta, egungo doinuetara moldatu ditu.
Bestalde, Dambak erritmo tradizionalak eta soinu modernoak bateratzen ditu, esaterako: rumba, bluesa, punka, son reggaea, funka, reggaea eta baita musika elektronikoa ere. Kontzertuek jaia eta dantza egiteko gogoa eragiten dute eta beren letrak egunerokoaz aritzen dira. Proiektu horrek bi kontinentetako musikariak biltzen ditu. Hiru urtez martxan da jada, eta denbora horren emaitza gisa, lehen lana plazaratu dute: "Y si rompo mi camino". Diskoak agerian uzten dut aldearen kultura aniztasuna. Azkenik, Dumbala Canalla 1999an sortu zen, talde instrumental gisa. Lehen diskotik, ahotsa musika instrumentalarekin espazioa konpartitzen du, eta publikoari hainbat poeta eta artistaren letrak hurbiltzen dizkiote, hala nola, Carles Belda, Helena Casas edo Enric Casares. Haien bertsoak taldekideen letra originalekin bat egiten dute, eta bizitzari, sentimenduen alaitasunari eta egunerokoaren surrealismoari buruz hitz egiten dute, katalanez eta ingelesez.
Tarta banaketa
Arratsaldeko ekitaldian, honako hauek arduratuko dira tarta zatitzeaz: Eugenio Gandiaga, 27 urtean zehar Getxoko Kultur Etxeko zuzendaria eta jaialdiaren bultzatzaile izan zena; Olga Manzano abeslari argentinarra, jaialdiaren lehenengo ekitaldian (1985ean) aritu zen artistetako bat; Natxo de Felipe, Oskorri taldeko kidea; eta Imanol Landa, Getxoko alkatea. Jaialdiaren 25. urteurrenaren ospakizuna igandean egingo da, "Euskal musika: 25 urte" saioaren bitartez. 20:00etik aurrera, Areetako Telletxe plazako agertokian zenbait artista eta euskal taldeak ariko dira: Oskorri, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Maddi Oihenart, Niko Etxart eta Gose, hurrenez hurren.