"Euskal musika: 25 urte" saioan zenbait talde eta musikari euskaldun bilduko dira: bai artista ezagunak, bai duela gutxi hasitako taldeak ere. Saio horretan jaialdian aurretik parte hartu duten artistak zein Folk Getxo BBKra lehenengo aldiz etortzen diren musikariak ariko dira. Horrela, agertokian honako hauek ariko dira bata bestearen atzetik: Oskorri talde ospetsua, Mikel Urdangarin kantautorea eta Maddie Oihenart abeslari zuberotarra, besteak beste, Niko Etxart ahaztu gabe. Halaber, Gose eta Oreka TX talde gazteak ere ariko dira. Azken horiek trikitixa eta txalaparta erritmoak eta egungo doinuak uztartzen dituzte. Saioan partaideetako bakoitzak bere errepertorioko lau abesti joko ditu, eta, gero, hurrengo taldea sartuko da. Horrela, estilo oso ezberdinetako artista eta talde segida bat osatuko da, gure musikaren aberastasunaren erakusgarri.
Ruaille-Buaille
Bestalde, Ruaille-Buaille folk musika jotzen duen boskote bat da. Abesti propioak eta beste batzuenak jotzen ditu, hainbat jatorri geografikoen fusioan oinarritzen direnak: Irlanda, Eskozia, Ingalaterra, Galizia, Euskal Herria eta AEB. Taldearen izena hitz gaeliko bat da eta "rula-bula" ahoskatzen da. Esanahia zalaparta edo algara izan liteke, eta ederki deskribatzen du musikari horiek kontzertuetan sortzen duten giro alaia; hori bai, kanta edo balada lasai eta nostalgikoak alde batera utzi gabe.