Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) auzitegiaren erabakia kritikatu du, "Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria delako. Errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari da". Espainiako Estatuan "adierazpen askatasuna ukatua eta zigortua" dago, AAMren arabera.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:
Gaztesarearen aurkako operazioa eta ondorengo egozteak espainiar gobernuak Euskal Herrian ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria direla argi dugu. Oraingoan gazte mugimenduan eta kultur mugimenduan ezagunak izan diren eta diren herritarrak dira salbuespeneko epaitegi honetara deituak izan direnak. Errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari dela esaten ari gara azken aldian, eta musikariak, bertsolariak, feministak, ikasle mugimenduko kideak edo gazte mugimendukoak salbuespeneko epaitegi honetara deituak izatea esaten ari garenaren adibide argia da.
Espainiar estatuan adierazpen askatasuna ukatu eta zigortua dago. Komunikabideek ez dute aukerarik beraien lana libreki egiteko. Aurrez Egin, Ardi beltza edo Egunkaria izan dira errepresioak jo dituenak, eta egun Gaztesarearen aurkako bidean aurrera doazela ikusten ari gara.
Auziperatuei gure elkartasuna adierazteaz gain errepresioari aurre egiten jarraitzeko deia luzatzen diegu herritarrei.