Uztailaren bukaeran Guardia Zibilak Gaztesarea.net gazte agerkari digitalaren aurka egindako polizia operazioa eta
oraingo auzipetzeak salatzen ditugu UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkarteak, UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak eta bertako langileok. Orduko operazioan atxilotu eta egun gutxitara epaiketa egin artean askatutako hiru lagunei beste bederatzi herritar batu zaizkio. Adierazpen askatasuna, euskara, euskal gazteria eta Euskal Herriaren aurkako eraso latza zena beste eremu batzuetara zabaltzen ari dira. Gazte mugimenduko kideez gain, musikariak, bertsolariak, feministak eta ikasle mugimendu partaideak dira deklaratzera deitutako neska-mutilak. Argi dago herri honekiko konpromisoa duen kazetaritza ez duela maite Espainiako Estatuak. Bestalde, lagun eta lankide ditugun Gaztesareako kazetari, berriemaile, esatari, diseinugile, programatzaile, kide eta kolaboratzaile guztiei gure elkartasuna agertu nahi diegu, bereziki hamabi lagun hauei, eta gure lokala eta bitartekoak haien esku jartzen ditugu gazteon ahotsa mutu geldi ez dadin. Era berean, guzti hau salatzeko mobilizazioak deituz gero, horiekin bat egingo dugu eta gure irakurleei bertan parte hartzea eskatzen diegu.