Getxo Arraun Taldeak irabazi du gaur arratsaldean jokatutako Portugaleteko San Miguel-Segemar bandera, Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailara igotzeko erlojupeko bi estropadetatik bigarrena eta azkena, alegia. Trintxerpek, ordea, nahikoa izan du bigarren geratzea, hurrengo denboraldian KAE 1 ligan aritzeko txartela eskuratzeko. Atzo
Lekeitioko bandera irabazi ostean, gipuzkoarrak lehenengo geratu dira play-offean, 7 punturekin. Getxoztarrak dira bigarrenak 6 punturekin, Ondarru hirugarren 5 punturekin eta Portugalete laugarren 2 punturekin. Igotzeko postu bakarra zegoen jokoan. Hala ere, Getxok oraindik ere baditu aukerak. Horretarako, Traineru Kluben Elkarteko (TKE) ligara igotzea lortu beharko dute Astillerok eta Koxtapek. Play-offeko estropadak irailaren 19an eta 20an izango dituzte horiek, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. TKEn azkenaurreko Samertolameu galiziarrekin lehiatuko dira. Arkoteko plentziarrak, berriz, zuzenean jaitsi dira KAE ligara, TKEn azkenak geratu ostean. Bukatzeko, Areetako Raspas arraun taldea azken geratu da KAE 2 ligan. Argazkian, "Goizeko Izarra" traineru getxoztarra gaurko estropadan.