Gaztesarearen aurkako auzia dela eta, hiru lagun izan dira gaur
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen: Mikeldi Zenigaonaindia, Haritz Garrido eta Gorka Urbizu, hurrenez hurren. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, fiskalak ez du inolako neurririk eskatu haien aurka eta, beraz, etxera bueltan dira guztiak, nahiz eta inputatuta jarraitzen duten. Bihar, asteartearekin, beste lau lagunek deklaratu beharko dute Madrilen auzi horren harira: Jon Maia, Arkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagos. Gainontzeko biak adingabekoak dira, eta adingabekoen auzitegian deklaratuko dute datozen egunetan. Honako auzi hau
uztailaren 29an izan zuen abiapuntua, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak egindako polizia operazioaren bitartez. Orduan, Iker Acero Algortako surflari ezaguna atxilotu zuten; baita Alberto Martinez artziniegarra eta Arkaitz Artola donostiarra ere.
Epaileak aske utzi zituen hurrengo egunetan, baldintzapean. Argazkian, uztailaren 29an 600 lagun inguruk salatu zituzten atxiloketak Algortan.