Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) eta Askatasuna alderdi politikoetako 13 kide auzipetu ditu gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Iker Rodrigo lutxanarrari, Eli Zubiaga algortarrari, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarrari eta beste sei laguni "talde terroristako kide" izatea leporatzen die magistratuak. Autoaren arabera, Garzonek ez ditu auzipetu beste 12 pertsona, 10 haien aurkako froga nahikorik ez dagoelako eta bi jada auzipetuta daudelako antzeko beste auzi batzuetan. Guztiei irailaren 10ean, ostegunarekin, jarri diete deklarazioa hartzeko hitzordua, 10:00etan. Rodrigo, Zubiaga, Urkaregi eta beste bost lagun
urtarrilaren 23an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Zortziak martxoaren bukaeran atera ziren kartzelatik. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Altzagan.