Imanol Landa Getxoko alkateak bere kezka agertu du gaur, abuztuan Ura proiektuak Gobela ibairako aurreikusten zituen
berehalako eta aurreratutako lanak agintzeko prozesuaren tramitazioa atzeratu delako. Hori horrela izanda, udal iturrien arabera, joan den ostiralean, Ura agentziaren zuzendari berriari eskutitz bat igorri zion tokiko agintariak, lanak lehiaketara lehenbailehen ateratzeko behar diren erabakiak ahalik eta lasterren har ditzat; "horrela, aurretik ezarrita zegoen epea bete ahal izateko, hau da, lanak epearen barruan egiten hasi ahal izateko, aurtengo azken hiruhilekoan martxan jartzeko alegia", zehaztu dutenez. Landak aipatu duenez, “gaur bertan Uraren zuzendariarekin hitz egin dut telefonoz, eta berak datorren astean batzartzeko borondatea eta konpromisoa ere agertu dit, atzerapenaren arrazoiak argitu eta horri lotuta egungo zuzendaritzak dituen aurreikuspenak jakinarazteko asmoz”. "Kontzienteak gara Uraren zuzendaritza berriak denbora laburra daramala karguan, baina horrek ez du esan nahi, auzokideen kezka helarazi eta, ondorioz, azalpenak eskatu ezin dizkiegunik. Jakin badakigu, aurreratutako jarduerak aurrera eramateko aurrekontua badagoela eta lanak egiteko aurretiko lizitazioa martxan jartzea baino ez dela gelditzen”, gaineratu du alkate getxoztarrak. Argazkian, urtarrilaren 27an izan ziren uholdeak.