Igande honetan, irailak 13, bosgarren urtez egingo dute 16 urtetik gorakoentzako kanpoko pintura lehiaketa Sopelan, Zirri Marra elkarteak antolatuta eta Udalaren Kultura Sailaren laguntzaz. Halaber, bigarren urtez egingo dute haur pintura-lehiaketa. Parte hartzea eta teknika libreak dira. Gaiari dagokionez, Sopela irudikatu beharko dute margoek, baita herrian bertan egin ere. Aipatu lehenengo lehiaketari dagokionez, irabazleak 700 euro jasoko ditu, bigarrenak 600 euro, eta hirugarrenak 450 euro. Trofeo bana jasoko dute hirurek. Herriko partaiderik onenak ere saria izango du: 350 euro eta garaikurra. Haurren lehiaketak, berriz, hiru kategoria ditu: A kategorian 5 urterainoko haurrek hartuko dute parte; B kategorian, 6 eta 9 urte bitartekoek; eta azkenik, C kategorian 10 eta 15 urte bitartekoek. Epaimahaiak aukeratutako lanak udaletxeko erakusketa aretoan izango dira ikusgai irailaren 14tik 21ra.