Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
jakitera eman duenez, Algortako gazte bat dago bart Lekeition atxilotutako lagunen artean. Ertzaintzak bere gurasoei deituta jakin izan da, zehaztu dutenez. "Oraindik ez dakigu zer leporatzen dioten. Durangoko polizia etxean zegoela esan diete gurasoei. Beste atxilotu batzuk Gernikako polizia etxean zeuzkaten. Gaur arratsaldean deklarazioa hartzen ari zaizkie epaitegian", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Atzoko Antzar Egunean istilu handiak izan ziren gazteen eta ertzainen artean, gauez, eta Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen Bere esku segitzen dute. Hainbat pertsona zauritu egin ziren; haien artean, ertzain bat, Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak esan duenez. Horren arabera, gazte batzuk gauerdian ertzain-etxearen atarira joan ziren, Pascual Abaroa etorbidean, eta harriak, botilak eta beste hainbat gauza bota zituzten. Ondoren, edukiontziak gurutzatu zituzten kalean eta batzokiaren, banku eta aseguru-etxe batzuen aurka egin zuten, betiere Ertzaintzak dioenez. Horren aurrean, ertzainak oldartu egin zitzaizkien. Argazkian, pare bat ertzain istiluen kontrako materialaz hornituta /
Sare Antifaxista.