Areetako Xake plazan izan diren kontzertu nagusietan, musika eskaintza anitza eta kalitatekoa izan da. Guztira, 5.000 pertsona inguru bildu da bertan lau egunetan zehar. Saio guztien artean, Pablo Milanes kantautore kubatarrarena nabarmendu behar da, sarrera guztiak agortu baitziren. Halaber, Xake karpa ia bete egin zen "Euskal Musika: 25 urte" saioan. Besteak beste, Oskorri Oreka TX, Maddi Oihenar, Niko Etxart eta Mikel Urdangarin aritu ziren agertokian. Kontzertu nagusien eskaintza Orchestre National de Barbesen raï doinuek eta La Bottine Sourianteren Quebeceko erritmoek osatu zuten.
Arratsaldeko kontzertuek, berriz, 4.000 bat lagun batu dituzte Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Aurten, Aragoiko O'Carolan taldearen musikaz, Murtziako La Banda del Pepo, Euskal Herriko Damba taldeen fusio-erritmoez eta Ruaille-Buailleren tradiziozko irlandar musikaz gozatzeko aukera izan dute ikusleek. Azkenik, egun bakoitzeko eskaintzari amaiera ematen zioten Munduko Terrazako saioek 1.800 bat lagun bildu dituzte. Bertan honako talde hauek jardun dira: Trilla (Katalunia-Andorra), Mauvais Sort (Quebec) eta Dumbala Canalla (Bartzelona, Herrialde Katalanak).
Bestelakoak
Jaialdian ez da haurrentzako ikuskizunik falta izan. Aurten arrakasta handia lortuta aritu da horretan Titiriteros de Binefar taldea, eskarmentu handikoa eta tradiziozko haur kantak berreskuratzen dituena, hain zuzen ere. Besteak beste, tailerrak, ludoteka bat eta ikuskizunak egon dira goizero. Bestalde, kale bandak ibili dira aurten ere; lau egunetan, kaleetan jardun dira atsedenik gabe eta. Pasa den larunbatean, milaka lagun bildu zituzten Bizkaiko Zubiko plazan hasi zen desfile ikusgarrian. Azkenik, gune solidarioa Folk Getxo BBK jaialdiaren gune arrakastatsuenetariko bat bilakatu da. Munduko eskulangintzak, Bidezko Merkataritza eta hainbat gastronomia bildu dira bertan, besteak beste. Halaber, Getxoko Udaleko Immigrazio Zerbitzuaren Kulturen Gunea eta zenbait elkartek eta GKEk antolatutako ekimen eta jarduerak ezinbestekoak izan dira aurtengo jaialdiaren arrakasta lortzeko. Guztira, desfileak eta aipatutako jarduerek 20.000 bat lagun bildu dituzte.