Getxo Antzoki berriaren lanen hasierak trafikoan aldaketa batzuk eragin dituela gogorarazi du Udalak. Gehien bat, Algortako Andres Kortina kalean izaten ari dira eragina obrek. Trafikoa berrantolatu behar izan dute bertan. Horrela, ikasturtearen hasierari begira, eskola autobusetarako eta autobus publikoetarako geltoki berria Andres Kortina eta Algortako Etorbidearen arteko bidegurutzean jarri dute. Aipatu lehen karrikan zeuden biak ordezkatuko ditu horrek. Dagoeneko garraio enpresei zein ikastetxeei eman die aldaketen berri tokiko erakundeak. Oinezkoentzako bideei dagokienez, bihar, asteazkena, Getxo Antzokia plazaren aurreko tartea itxiko da, Basagoiti Etorbidetik oinezkoak ibiltzea ahalbideratuko duen pasagunea amaitu arte. Oinezkoak San Nikolas plazarantz desbideratu beharko dira eta eliza horretako sarreraren aurretik Basagoiti Etorbidearekin lotu. Udalak inguruan dauden seinaleei adi egotea eskatu du, baita aldaketek eragin ditzaketen eragozpenengatik barkatzeko ere. Argazkian, Getxo Antzokia zenaren aurreko bidea heziz itxi egin dute jada.