Gauzak horrela, "testigantza hauen aurrean duten jarrera zein den argi azaldu dezatela" eskatu die Euskal Herriko sindikatu, erakunde publiko eta alderdi politikoei Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ildo horretan, Ertzaintzaren barnean "benetako diziplina faxista" ezartzen ari direla salatu du errepresioaren kontrako erakundeak, "une honetan Ertzaintza estrategia errepresibo basatiaren lehen lerroan jartzen ari direlarik".
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:
Ares eta Lopezek marrazturiko jipoi eta eraso sexisten lekukotza gordin hauen aurrean salaketa argia egitea dagokigu. Zentzu honetan, Euskal Herriko sindikatu, erakunde publiko eta alderdi politikoei testigantza hauen aurrean duten jarrera zein den argi azaldu dezatela eskatzen diegu.
Ertzaintzaren barnean benetako diziplina faxista ezartzen ari dira, une honetan Ertzaintza estrategia errepresibo basatiaren lehen lerroan jartzen ari direlarik. Ertzaintzaren jardueraren gainean alarmak guztiak piztu beharrean aurkitzen gara, eta gure benetako kezka adierazi nahi dugu aurrerantzean jarrera honek ekar ditzakeen ondorioez.