Erandioko auzo ezberdinetako bizilagunen "beharrak, aldarrikapenak, kexak eta iradokizunak lehen eskutik ezagutzeko" topaketa erronda abiatu berri du orain bi hilabete Mikel Arieta-Araunabeñaren lekukoa hartu zuen Jose Goikouria alkateak. Udal iturriek zehaztutakoaren arabera, "etengabeak izaten dira udalerriko toki ezberdinetako elkarteen eta tokiko erakundearen arteko kontaktuak, auzoekiko harremanen ardura daukan alkatearen albokoaren bitartez". Hala ere, udako geldialdiaren ostean, bere burua alkate berritzat aurkeztu nahi du Goikouriak, giro lasaian eta batzar formalak alde batera utzita. "Erandioztarrekin harreman zuzena eta hurbilagoa" sustatzeko asmoz, joan den igande goizean Enekuritik eman zuen paseoa alkate berriak, bertako bizilagunek lagunduta. Jaiak ere baziren bertan. Bi igande barru (irailak 20), berriz, Lutxana bisitatuko du udal agintariak, ondoren gainontzeko auzoei ekiteko. Argazkian, Joseba Goikouria.